Aurkezpena

01

Aurpezkena Presentación

Arantzako Aterpeak eta Beintza-Labaiengo Orbela Aterpetxeak antolatzen duten “Euskaraz Blai – Euskarazko Udalekuak” proiektuak, bere 18. urtea betetzeko bidean da, Nafarroako Gobernuaren Euskara Teknikarien onespenarekin, eta Baztan Bidasoa Partzuergo Turistikoaren babesa eta laguntza duelarik.

Urte guzti hauetan, euskara sustatzeko, jarrai lerro bezala balio izan ditugun ideia batzuetan oinarritu gara:

Gizakiok bihotza, gorputza eta burua ditugu: sentitu, bizi eta adierazi egiten dugu. Gure helburuetako bat, haurrek bizitutakoa sentimenduekin eta emozioekin lotzea da, bide honetatik haurrarekin konektatu eta haiengan eragina izatea lortuko baitugu. Hurbiltze fisikoa eta afektiboa lortu nahi ditugu, afektua ezinbestekoa baita hizkuntza bat erabiltzeko garaian. Aterpetxeko egonaldian eraldaketa-prozesu bat bizitzeko aukera eskaini nahi diegu, norbanakoak eta taldeak bere prozesua jorratu dezan.

Pertsona erdigunean jarri nahi dugu eta harengana iritsi, norbanakoa bere osotasunean onartu, izaera eta hizkuntza desberdinak errespetatu, ezagutu eta baloratzeko. Pertsona aske eta osoa dugu helburu. Era berean, lortu nahi dugu haurrak jabetzea guri euskara inporta zaigula, baina hizkuntzaren gainetik, haiek inporta zaizkigula gehiago, eta hori goxo egin nahi dugu. Gehiago lortzen da ezti pixka batekin ozpin askorekin baino.

Horregatik udalekuak denbora pasa baino zerbait gehiago izan daitezen lan egingo dugu astea hasi aurretik eta bukatu bitartean. Horregatik, ekintza guztiek zergati bat izango dute eta helburu ezberdinak nahastuko dira, azkenean, horren funtsa euskara eta pertsona direla kontuan izanik, nahi dugun emaitzara ahalik eta gehien hurbiltzeko. Horretaz gain, egonaldiko txanda bakoitzean eta haur talde bakoitzarentzat, egonaldiek jarrai lerro bat izango dute, haur eta talde bakoitzak haien ezaugarriak baitituzte eta gure funtzioetako bat hori haien nahi eta beharretara moldatzea baita.

Hau guztia etxeko janari goxoarekin, pertsona jator, profesional eta maitagarriz beteriko lan taldearekin eta inguru izugarriarekin lagunduta, egoera bikaina ematen da aipatutako oinarriak jarraituz, euskara sustatzeaz gain, primerako astea pasatzeko!

ANIMATU!!!